Bertsolarien belaunaldi berriek Espejon hartuko dute aterpe

Erredakzioa 2025ko mar. 21a, 12:25

Ohi bezala, Espejoko gazte aterpetxean egingo dute egonaldia. Argazkia: IREKIA

Hilaren 27ra arte zabalik dago Udaberriko Bertso Abenturan izena emateko epea.

Gaztetxoentzako Udaberriko Bertso Abentura antolatu du Arabako Bertsozale Elkarteak, Pazko asteko oporraldietan "euskaraz jolastu eta bertsoez gozatzeko". Ohi bezala, Espejon egingo dute egonaldia. Izen ematea zabalik dago jada, eta hilaren 27ra arteko epea egongo da izena emateko.

"Arabako haur eta gaztetxoek norbere herritik gertuko lagun berriak egin, bertso munduan murgildu eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute aurtengoan ere", aurreratu dute antolatzaileek. Lautada eta Gorbeialdeko Kuadrillekin eta Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Oiongo Udalekin elkarlanean antolatu dira bi egonaldiak.

Bi txanda izango dituzte: apirilaren 22tik 24ra —asteartetik ostegunera— eta  apirilaren 24tik 26ra —ostegunetik larunbatera—. Ekimena 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoei dago zuzendua, eta bertso eskolan dabiltzan 2012an jaiotako ikasleek ere aukera izango dute barnetegian parte hartzeko.

Plaza kopurua mugatua denez, ekintza babesten duten udalerri eta kuadrilletako parte-hartzaileek lehentasuna izango dute izena ematerako orduan, bigarren irizpidea izen-ematearen ordena izango delarik. Prezioa 50 eurokoa da antolatzaile diren kuadrilla eta udaletakoentzat, eta 70 eurokoa gainerakoentzat.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago