⛅ EGURALDIA

Haize mantsoagoa, baina hozteko bidean

Erredakzioa 2025ko mar. 21a, 08:34

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Egunaren erdian Eguzkia ikusi ahalko dugu, baina asteburuan, oro har, hodeitza nagusituko da.

Gaur zeru hodeitsuekin jarraituko dugun arren, eguerdi aldera ostarte batzuk zabalduko dira. Egunaren hasieran eta azken orduetan, baina, euri txikia egin dezake. Hego osagaiko haizeak bolada oso gogorrak har ditzake, baina informazio hau idazteko orduan, momentuz, Jaurlaritzak ez du luzatu goizeko seiak arte indarrean zegoen abisu horia. Termometroetan, 9 eta 16 gradu arteko alde termikoa izango dugu, hiriburua erreferentziatzat hartuta.

Asteburuari begira, batez ere larunbatean egongo da euria eta izaera trumoitsua izango duten zaparradak izateko arriskua. Haizea indartsu mantenduko da, baina ez dirudi azken egunotako martxa hartuko duenik. Igandean noizean behin Eguzkia ikusteko aukerak dauden arren, euria ere egingo du, eta, AEMETen arabera, elur kota 900 metroren bueltan egongo da egunaren hasieran. Tenperaturak dezente jaitsiko dira, hurrenez hurren, larunbatean eta igandean 2-13 eta 2-12 gradu arteko aldeak izango ditugularik.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago