Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak "errespetua" eskatu dio Donostiako alkate Eneko Goiari, honek bere jarrera "berekoia" dela esan eta gero, AHTaren Gasteizko lotura defendatzeagatik, Ezki-Itsasokoaren kaltetan. "Harriduraz" hartu ditu Goiaren adierazpenak Gonzalezek, eta lan instituzionala dutenei "erantzukizunez jokatzeko" eskatu die.
ETB1en egindako elkarrizketa batean, Ramiro Gonzalezek duela egun batzuk egindako adierazpenei buruz galdetu diote Donostiako alkateari, Nafarroarekin lotzeko "aukera bakarra" Gasteiz zela defendatu baitzuen Arabako agintariak. Alkatearen iritziz, adierazpen horiek agerian uzten dute Gonzalezek jarrera "berekoia" duela gai horri dagokionez, eta bere ustez ezin da "inola ere" zalantzan jarri lotura egokiena Ezkio-Itsasokoa dela. "Errazagoa edo zailagoa izango da, baina hemen gauzak borroka eginez lortzen dira eta nik uste dut hori izan behar dela gure borroka, Gipuzkoakoa, Nafarroakoa eta baita Euskal Herrikoa ere, herri ikuspegia badugu", azpimarratu du Goiak.
Gonzalezen ustez, "besteen iritziak errespetatu" behar dira, eta gainerako erakunde eta arduradunei errespetua zor zaie. Nabarmendu du "arduradun instituzional gisa, bere lurraldearentzat eta herriarentzat onena defendatzeko betebeharra" duela, eta ziurtatu du hala egiten jarraituko duela.