Zaragozan lehiatzen ari da Araski neskatoen taldea

Erredakzioa 2025ko mar. 20a, 13:04

Atzo egin zuten taldearen aurkezpena, Arte Ederren Museoan. Argazkia: AFA

Endesa emakumeen ligako hamasei klubek hartuko dute parte gaur hasi eta larunbatera bitartean egingo duten Minikopan.

Gaur hasi eta larunbatera bitartean, Minikopa jokatzen ari dira Comeplastic Araski taldeko kideak. Minikopa hau Erreginaren Koparekin batera egiten ari da, baina aurten azken honetan ez da egongo Kutxabank Araski. Txikienek, ordea, ordezkaritza izango dute Estatu mailako lehian.

Atzo aurkeztu zuten taldea Arte Ederren Museoan Juanjo Rojo foru Kirol zuzendariak, Ana Lopez de Uralde Gasteizko udaleko Kirol zinegotziak, Iratxe Rodriguez Araski AESeko lehendakariak eta Andrea Perez de San Roman Complastic Araskiren entrenatzaileak. Orotara, Endesa emakumeen ligako hamasei klubek hartuko dute parte gaur hasi eta larunbatera bitartean egingo duten Minikopan.

Zozketa egin ostean, Comeplastic Araskiri lehiaketako A taldean egotea egokitu zaio. Gaur Perfumerías Avenida eta Movistar Estudiantes taldeen aurkako partida izango dute, eta bihar Osés Construcción izango dute aurkari. Talde bakoitzeko lehenengo sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte larunbatean, eta finala, berriz, igandean izango da, Príncipe Felipe pabiloian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago