Negoziazioa "erabat blokeatuta" dago Arabako erresidentzietan

Erredakzioa 2025ko mar. 19a, 14:11

Gaur eta bihar greba deitu dute ELAk eta LABek Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorean.

Arabako zahar egoitza eta etxebizitza komunitarioen martxoko lehen greba egunaren balorazio positiboa egin dute ELA eta LAB sindikatuek, "batez ere Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren, sektore horretako langileek kalera ateratzen jarraitzen dutelako haien lan baldintzak borrokatzeko".

Eguerdian kontzentrazioa egin dute langileek Gasteizko Probintzia plazan, aldundiaren aurrean, eta bihar, 12:00etan elkarrateratzea egiteaz gain, 18:00etan manifestazioa egingo dute, Babesgabetuen plazatik.

Arabako Foru Aldundiaren eta sektoreko patronalen jarrera gaitzetsi dute sindikatuek, "langileen prekaritatea betikotu nahi dutelako". ELAk eta LABek ohartarazi dute ez dutela onartuko "sektore prekarizatu honen baldintzak benetan hobetuko ez dituen hitzarmen bat".

Ildo horretan, gogoratu dute gabonak baino lehen aldundiaren aurrekontuetarako akordio bat erdietsi zela EAJ-PSE gobernuaren eta EH Bilduren artean. "Akordio horretan diru kopuru bat adostu zen Arabako egoitzetako lehen hitzarmenera bideratzeko. Baina gaur egun, neurri hau hauteskunde propaganda hutsa izateko bidean dago. Ez dago proposamenik mahai gainean eta mahai negoziatzailea erabat blokeatuta dago", azpimarratu dute.

ELAren eta LABen ustez, hitzarmen duin bat lortzeko, aurrekontu akordio horretan "konpromiso eta neurri espezifikoak" jarri behar dira, eta deitoratu dute "egoera horretatik oso urrun" daudela.

Argazkiak: Jon Flores

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago