Mendi Tour ekimenaren hamahirugarren edizioak 11 film eskainiko ditu Gasteizen, iazko abenduan ospatutako Mendi Film Nazioarteko Jaialditik hautatutako lanen lagin bat aurkeztuz. Gaiaren bueltan egiten den "zinemarik onena" eskaini asmoz, hilaren 24tik 28ra izango dira emanaldiak, Vital Fundazioaren Kulturunean. Emanaldiek bost euroko sarrera izango dute. Horrez gain, Agurainen —apirilaren 2an— eta Amurrion —apirilaren 11n— emanaldiak izango dituzte.
Edukiei dagokienez, alpinismotik eta eskaladatatik hasi eta muturreko eski, highline —mendi pasarte batean soka baten gainean ibiltzea— eta dantza bertikalera arteko abenturetan murgiltzeko aukera emango du jaialdiak. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, gaztelaniazko eta euskarazko azpitituluekin.
Fundazioak ohar batean hainbat film nabarmendu ditu. Horien artean, Eliza Kubarska zinegilearen The Last Expedition, Wanda Rutkiewicz alpinista legendarioaren historia kontatzen duena; Mendiko Film Onenaren Saria lortu du.
Ashima filmak, berriz, Ashima Shiraishi eskalatzaile gazteak blokeko eskaladan eginiko lorpenak eta familia harremanak ardatz ditu, eta Eskaladako Film Onenaren Sariarekin aitortu dute.
Muturreko eskiaren zaleentzat, berriz, Of a Lifetime eta Painting the Mountains filmek "emozio gorenak" bermatzen dituztela zabaldu dute. Biek ikusleak Patagoniako Fitz Roy mendietara edo Antartikako glaziar eta iceberg erraldoietara eramango dituzte. Modu berean, Peligro. No asomarse filma aipagarria da, Nerbioi ibaiaren ur-jauziaren gainetik luzatutako highline ikusgarri baten erronkari buruzkoa.