Batez ere goizean euria egiteko arriskua mantenduko da, baina atzo baino giro argitsuagoa izango omen dugu, zerua tarteka hodeitsu egongo baita. Hego-ekialdeko haizeak bolada gogorrak izango ditu beste behin, eta abisu horia izango dugu: haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete haizeteek. Termometroetan, Eguzkiaren lana igarriko da, egunaren alde termikoa Gasteizen 7 eta 16 gradu artekoa izango baita.
Ostegunean berriro iluntzera joko du, zeru hodeitsu edo oso hodeitsuekin. Bereziki arratsaldetik aurrera izaera trumoitsua har dezaketen zaparradak botako ditu. Haizeagatiko abisu horia bere horretan mantentzen da, hego-ekialdeko haizeak oso bolada gogorrak izango dituelarik. Termometroetan, baina, ez da aldaketa handirik espero, 10 eta 17 gradu arteko aldeekin.