Repsol Eguzkia jaso du Karminek

Erredakzioa 2025ko mar. 17a, 20:53

Jabi eta Maria Sarasua anai-arrebek gidatzen dute Karmine. Argazkia: Karmine

Zerrendan mantentzen dira Arrea, Zaldiaran, Kea, Kromatiko, Bideko eta Marques de Riscal jatetxeak.

Repsol gidak gomendatutako jatetxeen zerrenda berria jakinarazi dute gaur Tenerifen, eta nobedadeen artean Karmine jatetxe gasteiztarra iragarri dute. Lehenengo Eguzkia jaso du Jabi eta Maria Sarasua anai-arrebek gidatutako jatetxeak, eta Arrea -bi ditu-, Bideko, Zaldiaran, Kea, Kromatiko eta Marques de Riscal jatetxeen taldera batu da izendapenarekin.

Sukalde tradizionala abiapuntu, alternatiba eguneratu bat eskaintzeko asmoarekin jaio zen Karmine 2023an, eta lan horretan dihardute Los Herran kaleko jatetxean. Gertuko eta sasoiko produktuak ardatz, inguruari lotutako platerak bilatzen dituzte. Gidan nabarmendu dutenez, Karminen menuetan karduek, porruek, alkatxofek, azaloreek edo babarrunek hartzen dute protagonismoa, "ikuspegi moderno batetik", eta, gainera, txalotu egin dute ekoizleak izen eta abizenekin nabarmentzea.

Eguzki izendapenekin batera, gomendatutako jatetxeen zerrendan ere hiru arabarrek egin dute lekua: Gasteizko Ikea, Gesaltza Añanako Almazen eta Guardiako Los Parajes. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago