Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek batera antolatu dute Udalekuak 2025 jolas eta hezkuntza programaren udako deialdia. Aurten, hiru probintzietako 4.112 haurrek hartuko dute parte programan. Zehazki, Arabak 1.628 plaza eskainiko ditu, Bizkaiak 1.514 plaza eta Gipuzkoak 970 plaza, 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat. Horri gehitu behar zaizkio, Arabako kasuan, arabarrentzako Udaraba programari dagozkion 632 plazak.
Arabako zozketarako izen emateak martxoaren 19tik martxoaren 28ra bitartean egin ahal izango dira, eta, gehienez ere, hiru partaideko taldeetan egin ahal izango dira. Plazen zozketa apirilaren 15ean egingo da eta publikoa izango da.
Programa uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo da, eta udalekuek lau astetan egingo dira: uztailaren 1etik 7ra; uztailaren 8tik 14ra; uztailaren 16tik 22ra; eta uztailaren 23tik 29ra. Zozketan plaza bat lortzen dutenak hiru foru aldundiek eskainitako edozein instalaziotara joan ahal izango dira.
Aukera ugari
Udalekuak 2025 programa hiru lurraldeetako 15 instalaziotan egingo da. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu aterpetxe hauetan: Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga), Kattalin (Legasa-Nafarroa) eta beste instalazio bat Bizkaian. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Igantzi eta Azkoitiko instalazioetan. Eta Arabako Foru Aldundiak hiru instalazio jarriko ditu programaren esku: Barria, Zuhatza eta Espejo.
Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartu ahal izango dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker, eta parte hartzaile bakoitzak erroldatuta dagoen lurraldean emango du izena.
Hizkuntza
Udalekuak 2025 udako kanpainaren eskaintza bi hizkuntza modalitatetan egingo da: euskara hutsean eta bi hizkuntzetan.
Aurten 142 euroko kuota ezarri da. Prezioan hauek sartzen dira: ostatua, gosaria, bazkaria, askaria eta afaria; dinamizazio zerbitzua; istripu eta erantzukizun zibileko asegurua, eta joan-etorriak atera lekutik (Donostia, Bilbo eta Gasteiz).
Gainera, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) jasotzen dituzten familietako edo familia ugariko haurrek eta gazteek hobaria jaso ahal izango dute kuotan. Eta plazen %5 hezkuntza beharrizan bereziak dituzten pertsonentzat daude gordeta.
Udaraba
Gainera, urtero bezala, Gazteriaren Foru Erakundeak Udaraba programa propioa aurkeztu du, hau da, Udalekuak programari 110 plaza gehitzea Ingeleseko Udalekua eta Euskalaka programetarako, eta beste 513 plaza Gazte Bidaiak programarako, 24 jarduerarekin.