Euskararen sozializazioa sustatzeko 190.000 eurora arteko laguntza izango dute udalek

Erredakzioa 2025ko mar. 14a, 10:06

Euskararen bitartez sozializatzeko programak garatzeko laguntza lerroa bihartik aurrera eskatu daiteke. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Arabako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du datorren urteko ekimenak finantzatzeko deialdia. Laguntzaren erdia Mintzalagun moduko programak finantzatzeko izango da.

2025eko ekitaldian euskararen bitartez sozializatzeko programak garatzeko Arabako Foru Aldundiak emango duen diru laguntza eskuratzeko deialdia argitaratu du gaur ALHAO Arabako Aldizkari Ofizialak. Horren bitartez, Arabako udalek eta kuadrillek norabide horretara bideratutako programak finantzatu ahalko dituzte, lurralde osorako gehienez 190.000 eurora arteko poltsa baten bitartez. 

Aisialdiak eta kirolak eramango dute partidaren ia erdia, Mintzalagun edo Berbalagun bezalako programetarako. Arlo horrek 95.000 euroko aurrekontua izango du. Euskararen transmisioa eta gizarte erabilera sustatzea da alor horretako helburu nagusia. Administrazioan, arlo Sozioekonomikoan, edo euskarazko hedabideen eta kulturaren alorrean, berriz, gehienez 26.000 euroko aurrekontua izango dute toki erakundeek. Hiztun berriak sortzea helburu duten programek 37.000 eurora arteko laguntza izango dute. Gazteriaren alorrerako, berriz, 10.000 euro aurreikusi dituzte, 14-18 eta 19-29 urte bitarteko gazteentzako pilotu proiektuetarako. Azkenik, berariaz Trebiñura bideratutako beste 22.000 euro izango dira, Trebiñuko enklabeko udalek euskara teknikariak kontratatzeko "laguntza tekniko" gisa.

Diru laguntza hauek 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitartean egiten diren euskararen bidez sozializatzeko programak finantzatzeko dira. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun baliodunekoa izango da, bihartik aurrera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago