Fiskalitatean Podemosekin lortutako akordioa txalotu du Gonzalezek

Erredakzioa 2025ko mar. 13a, 17:58

Hiru batzar nagusietarako gaur adostutako akordioa "ontzat" jo du Gonzalezek. Argazkia: AFA

Alderdi moreak dio EAE mailan zerga sistemaren erreforman adostutako neurriek milioi bat laguni baino gehiagori "mesede egingo" diela.

Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak "oso positibotzat" jo du EAJ eta PSE-EE alderdiek Podemosekin EAEko zerga erreformaren inguruan gaur lortutako akordioa. Gonzalezen ustez akordio "ona" eta "handia da euskal gizarte osoarentzat".

Gonzalezek nabarmendu duenez, "gure zerga sistema hobetzen duten zerga aldaketak dira, eta neurri horiek onak dira euskal gizarte osoarentzat, aurrean ditugun erronkarik garrantzitsuenei modu egokian erantzuteko".

Podemosek nabarmendu du EAEko hiru batzar nagusietan lortutako akordioak milioi bat laguni baino gehiagori "mesede egingo" diela. Aurrekoan ez bezala, alderdi moreak konpromisoa hartu du oraingoan oinarriekin akordioa ez berresteko; hortaz, behin betikotzat eman dute. Alderdiaren arabera, "historian lehen aldiz", EAEko zerga sistemaren egituran "arrakala bat irekitzea" lortu dute.

Fiskalitatean adostutako neurrien artean honakoak daude: 20.000 eurotik beherako errentek ez dute aitorpenik egin beharko –orain arteko muga 14.000 euroan zegoen–, ohiko etxebizitza alokatzeagatik %20ko kenketa egongo da —%35ekoa, familia ugarientzat—; Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekargua % 150era igoko diete hutsik dauden etxebizitzei; sozietateei dagokienez, gutxieneko tributazio efektiboa %17tik %19ra igaroko da "enplegurik eta inbertsiorik sortzen ez duten enpresa handientzat". Modu berean, ezohiko mozkinengatik sozietateen gaineko zergaren igoera ere aurreikusi dute, %24tik %28ra igarota. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago