Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek hezkuntza publikoko langileak grebara deitu dituzte beste behin, eta bost egun berri proposatu dituzte. Hamar greba egun egin dituzte jadanik aurten, Eusko Jaurlaritzarekin dituzten negoziaketak indartzeko. Martxoaren 25, 26 eta 27an, eta apirilaren 1 eta 2an izango dira greba egun berriak.
Orain arteko greba egunak arrakastatsuak izan dira sindikatuen esanetan, eta Eusko Jaurlaritza proposamen berriak aurkeztera behartu dutela. Baina Hezkuntza Sailaren eskaintzak ez ditu sindikatuak asetu, eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute. Aurreko greba egunetan ez bezala, oraingoan batera egingo dute greba irakasleek eta sukaldeko eta garbiketako langileek.
Apirilaren 1ean EAEko hiru hiriburuetako kaleetara irtengo dira langileak, eta apirilaren 2an Gasteizen egingo dute manifestazio bateratua, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino. Eusko Jaurlaritzaren borondate falta salatu dute sindikatuek. Sukaldari eta garbitzaileen hitzarmena 2009koa da, eta irakasleena 2010ekoa. Hezkuntza Sailari leporatu diote negoziatzeko borondatearen itxura egiten duela, baina “etengabe luzatzen” dituela negoziaketak eta gatazka desitxuratzen duela.
Lan zama arintzeko neurri zehatzak eskatu dituzte, erretiroaren baldintzak hobetzea, lanpostuak egonkortu eta erosahalmena berreskuratzea, besteak beste. Orain arteko greba deialdiek %75eko jarraipena izan dute sindikatuen esanetan. Jaurlaritzaren datuen arabera, berriz, %48koa izan da. Sindikatuek Jaurlaritzari leporatu diote kopurua jaitsi izana gutxieneko zerbitzuak eta gaixo dauden langileak ez dituelako kontuan hartzen.