Eusko Jaurlaritzak Olatz Unamunzaga izendatu du Neikerren zuzendari nagusi, orain arte postuan izan den Leire Barañano ordezkatuz. EHUn Biologian lizentziaduna eta Zaragozako Unibertsitatean doktore da Unamunzaga, eta Arabako Errioxako mahastien gaineko doktoretza tesia egin zuen. Hamarkada bat baino gehiago darama Unamunzagak Neikerren, Berrikuntza eta Teknologiako arduradun gisa. Kargu horretan, "proiektu estrategikoak zuzendu ditu nekazaritzako sektorearen modernizazioa eta jasangarritasuna lortzeko", besteak beste, GEN i AGROALAVES izeneko proiektu sektoriala. Horrez gain, enpresa zuzendaritzan prestakuntza osagarria du.
"Neiker egoera ezin hobean dago, eta %80tik gorako arrakasta tasak ditu askotariko deialdietan. Lorpen horrek lantaldea bikaina dela erakusten du, baina haratago joan behar gara: gure ikerketa azken nekazari, abeltzain eta basogileari iristea lortu behar dugu", adierazi du Unamunzagak kargua hartzean. Norabide horretan, Neikerrek dio helburu nagusienetakoa izango dela "sektorearekiko hurbiltasuna indartzea", bai eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza "jasangarriagoak sustatzeko konpromisoa" ere.