Arabako Foru Aldundiak landa eremuan etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzen deialdia argitaratu berri du. 2025etik 2026ra bitartean 500.000 euroko aurrekontua izango du laguntza programak, eta helburua da 20.000 biztanletik beherako udalerrietan kokatutako etxebizitzen bizigarritasun eta energia eraginkortasuneko baldintzak hobetzea, landa eremuan biztanleria finkatzen laguntzeko.
Zehazki, dirulaguntza hauek jaso ahal izango dituzte 20.000 biztanletik beherako udalerrietan dauden 1.500 biztanletik beherako herriguneetan bizi diren pertsona fisikoek. Eskatzaileek birgaitu beharreko etxebizitzaren jabe, maizter edo gozamendunak izan behar dute, eta etxebizitza horretan erroldatuta egon behar dute eta bertan bizi. Diruz lagundu daitezkeen jardueren artean daude kontserbazio eta bizigarritasun obrak, energia eraginkortasuneko hobekuntzak, irisgarritasuna eta barne-berrikuntzak.
Epea zabalik laguntzak agortu arte
Diru laguntza eskaerak aurkezteko epea 2025eko martxoaren 20an hasiko da, eta irekita egongo da aurrekontu esleipena agortu arte, edo, bestela, 2025eko apirilaren 30era arte. Aurrekontua agortu dela araba.eus web atarian argitaratuko da.
Obren kostu osoaren %25erainoko diru laguntzak aurreikusten ditu programak, gehienez 20.000 euro etxebizitza bakoitzeko. Energia eraginkortasunean hobekuntzak dituzten despopulazio arriskua duten udalerrietan, laguntza 26.000 eurora irits daiteke.
Etxebizitzari buruzko informazio guztia eskuratu ahal izateko, aldundiak etxebizitza.araba.eus webgunea jarri du abian, arlo horretan erabilgarri dauden laguntzak biltzen dituen espazioa. Gaur egun, birgaitzeko dirulaguntzak eta etxebizitza erosteko abalak kontsulta daitezke, eta laster alokairurako abalak ere sartuko dira, arlo giltzarri horretako erakundeen laguntza handitzeko.