Pentsiodunak, etxean eta zaintzan aritzen diren emakumeak, erroldarik gabekoak, ekologistak, gerraren aurkakoak, Afrikako Emakumeak, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuetakoak, emakume migratuak… Dozenaka elkarteren ahotsa entzun da Gasteizko Martxoak 8ko manifestazioan. Milaka lagunek babestu dituzte emakume horien guztien aldarrikapenak.
Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak! lelopean antolatu du manifestazioa Euskal Herriko Mugimendu Feministak. San Anton plazatik atera da martxa, 12:30ak pasata, eta Foru Plazan amaitu da. Buruan ziren manifestariak 13:30ean sartu dira plazara; aldiz, manifestazioaren amaieran ziohazenak 14:00ak arte ez dira Foru plazara iritsi. Orduan hasi da ekitaldia
Plaza lepoz zegoelarik gogoratu dute mugimenduko feministako kideek 2023ko azaroaren 30ean egindako greba feminista orokorra, eta azpimarratu dute geroztik aldaketa handirik ez dela gertatu. Instituzioen "arduragabekeriari" aurre egiteko asmoarekin, Arabako herri akordioa osatu eta instituzioei eskari zehatzak egiteko prozesua egiten ari direla azaldu dute.
Halaber, kolektibo desberdinetako emakumeek parte hartu dute ekitaldian; eta guztien oihuak, dantzak, ahotsak eta irrintziak entzun dira.
Argazki galeriak osatzen joango gara. Zure herriko mobilizazioen argazkiak helarazi nahi badizkiguzu, bidali mezu bat erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora edo Whatsapp bidez 645 66 86 02 telefono zenbakira.
LAUTADA