Martxoak 8

Estalitako protagonisten historia, azalera

Anakoz Amenabar 2025ko mar. 9a, 07:00

Heraclio Fournier karta lantegi zaharreko tailerra, Adurtza auzoan. Argazkia: PHOTOARABA

Trebiñuko emakume ehiztarien istorioak, Alaitzako erditze errituak, Arabako Mendialdeko serorak, Aramaioko emagin leinuak, Bastidako maistra errepublikarrak, Laudioko industria langileak eta Añanako emakume gatzgileen historia jaso dute 'Arabako emakumeen aztarnak historian' lanean.

Rosalia Ormaetxea Trojaola, Rafaela Garrido Mas, Agustina Lopez Ansotegi, Teresa Iriondo Jaio... Gehienontzat ezezagunak badira ere, garai eta esparru desberdinetan egindako lanagatik arrasto sakona utzi dute emakume horiek. Zor historiko hori kitatzen hasteko beharrezko pausoen artean, emakumeek mendeetan egindako lana berreskuratu eta nabarmentzeko asmoz, Arabako emakumeen aztarnak historian lana aurkeztu du aldundiak, Martxoaren 8ko jardueren osagarri. Ibilbide historikoa eginez, lurraldeko kuadrilla bakoitzean bizitza sozial, ekonomiko eta kulturalean gako izan diren momentu eta pertsonaiak aukeratu dituzte, estalitako istorio horiek berriz argitara atera, eta, bereziki, ikastetxeetan landu ahal izateko.

"Arabako historia kontatu denean, gizonezkoen ekarpena azpimarratu da, eta ikuspegi horrek emakumeen papera albo batean utzi du hainbat mendez", gogoratu du Iñaki Gurtubai Berdintasun diputatuak. Argitalpen honekin emakumeen lana lehen lerrora eraman eta "desberdinkeriak ikusarazi" nahi dituzte, historiaren ikuspegi partziala zuzenduz: "Emakumeen lorpenak eta borrokak ezkutatzeaz gain, iraganaz dugun pertzepzioa desitxuratzen du, eta oraindik ere emakumeak baloratzeko modua baldintzatzen duten estereotipoak indartzen ditu".

"Orain arte pentsatu denaren kontra, ikusi dugu etapa historiko batzuetan emakumeek botere eta askatasun gehiago izan dutela"

Savina Lafita antropologoa

Aztarna horiekin, eremu ezberdinetako emakumeak identifikatu dituzte. Savina Lafita antropologo, ikerketa feministetan aditu eta Errotik kooperatibako kidea arduratu da lana zuzentzeaz, hainbat historiagilek egindako lanetatik abiatuta. Istorio horietako batzuk benetako kontakizunen ondorio dira, berriki egindako elkarrizketetan edo aurreko lanetan argitaratutako elkarrizketen bidez berreskuratu dituztenak, eta beste batzuk garai hartan izan zitekeen bezala fikzionatzeko ariketa bat egin dute. "Garrantzitsua da iraganeko emakumeei ahotsa ematea une bakoitzean dauden genero desberdintasunak kontuan hartuko dituen begirada batekin. Horrek ahalbidetzen du historia osoagoa, errealagoa eta bidezkoagoa berreraikitzea".

Historiaurretik gaur egunera arteko ibilbidea egiten du argitalpenak; Trebiñuko emakume ehiztari biltzaileen istorioak, Alaitzako erditze errituak, Mendialdeko serorak, Aramaioko emagin leinuak, Bastidako emakume errepublikarrak, Laudioko industria langileak eta Añanako gatzgileak bildu dituzte. Egungo eta etorkizuneko belaunaldiak inspiratzea da ikus-entzunezko eta komiki moduan aurki daitekeen lan honen helburua, Lafitak azaldu duen moduan, emakumeek gizartearen eraikuntzan beti aktiboki parte hartu dutela erakutsita, eta, era berean, ulertzea genero desberdintasuna ez dela naturala, historikoki eraikia baizik. "Orain arte pentsatu denaren kontra, ikusi dugu etapa historiko batzuetan emakumeek botere eta askatasun gehiago izan dutela, Erdi Aroan esaterako, eta berdintasun horren lorpena ez dela jarraitua eta lineala izan, baizik eta joan-etorri ugari izan dituela historian zehar".

Kuadrillaz kuadrilla, aztarnen atzetik

Lehenengo aztarna, esate baterako, silexa lortzeko gune nagusietako batean kokatu dute, Pozarrateko historiaurreko harrobian. "Arkeologia feministatik erakutsi duten moduan, emakumeak ere aritzen ziren ehizan, eta orain arte bigarren mailan zeuden jarduera batzuei balioa eman diete, hala nola bilketari edo elikagaiei eta zaintzari", nabarmendu du Lafitak. Erdi Aroari buruzko atalak, berriz, nobleziako damen rola izan du ardatz, Isabel Mellenek sakon aztertu duen gaia; komunitatean erabakitzeko ahalmen handia zutela nabarmendu dute, eta, gainera, leinua bermatzea zela beraien eginkizuna. "Beraz, erditzea erdigunean zen, eta garrantzi handia zuen, ondorengo garai batzuetan gertatu ez bezala".

Ildo beretik, beste ataletako batean emakumeak osasun komunitarioaren kudeatzaile izan direla gogoratzen dute; hala izan zen mende askotan, baina garai berriekin batera kendu zitzaien eginkizun hori. Mediku erakunde maskulinizatuek bereganatu zuten osasuna kudeatzeko funtzio hori, Lafitak azaldu duenez, baina arrasto batzuk egunera arte iraun dute, Gorbeialdean esaterako. "Aramaion herriko petrikilo moduan ezagutzen zuten emakume bat identifikatu genuen, hezurretako minak eta hausturak sendatzen zituena, amarengandik ikasi zuena, eta jakintza hori ostean alabak jaso zuena, gerora Aramaioko emagina izan zena", azpimarratu du Lafitak.

'Petrikilo eta emagin leinua Aramaion' ataleko marrazkia. Irudia: 'Arabako emakumeen aztarnak historian'.

Erlijio mailan ere antzeko fenomeno bat gertatu zen. Kanpezuko seroren aztarnak erakusten duenez; serorak elizak zaindu eta mantentzeaz arduratzen ziren, hainbat erlijo erritu kudeatzen zituzten, eta modernitatean zehar ere galdu egin zuten botere hori. "Desberdintasunari eusteko patriarkatuaren estrategiak zeintzuk izan ziren aztertzeak laguntzen du memoria sortzen. Eta memoria hori ezinbestekoa da ulertzeko; bai iragana ulertzeko eta baita gaur egungoa, eta etorkizun oparoago baten inguruan hausnartzeko ere".

"Lana" izan dute aro modernoan ere argitalpen honetan ardatz, eta lau kuadrillatan emakumeak protagonista izan diren jarduera desberdinak identifikatu dituzte. "Mito bat eraitsi ahal izan dugu, emakumeek orain gutxi arte etxean bakarrik lan egiten zutela zioena, besteak beste, ikusirik Laudion adibidez emakumeek aktiboki parte hartu dutela industriaren garapenean, edo landa eremuan izan zuten garrantzia azpimarratuta, Añanako gatzagetako lanetan kasu".

Hain zuzen, memoria historikoa berreskuratzea izango da ardatz nagusia aurten Arabako Diputazioak Martxoaren 8aren bueltan antolatu duen ekitaldian, eta, besteak beste, omenaldia egingo diete Aztarnak argitalpen honetan protagonista diren emakumeen ondarea jaso duten oinordekoei. Martxoaren 6an izan da ekitaldia, Artium museoan, eta Lafitak berak parte hartuko du, Isabel Mellen eta Inma Roizekin batera, emakumeen memoria berreskuratzeko lanari buruzko solasaldian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago