Martxoak 8

Isildutako historiaren lekuko

Erredakzioa 2025ko mar. 7a, 10:30

Esparru desberdinetako emakumeek jaso dute omenaldia. Argazkia: AFA

Emakume arabarren ekarpenak eta memoria historikoa gorde duten zazpi emakume omendu ditu Arabako Aldundiak.

Martxoaren 8aren bueltan antolatutako jardueren artean, garai desberdinetan Arabako emakumeek egin duten lanari omenaldia egin die Arabako Aldundiak, eta zazpi aztarna desberdinen ordezkari izan diren emakumeek jaso dute oroigarria Artiumen egindako ekitaldian. Arabako emakumeen aztarnak historian proiektuak elkartu ditu emakumeok.

"Gaur egungo Araba, gizarte gisa zer garen eraikitzeko funtsezkoak izan diren emakumeen ondarea aitortzen dugu, historiak isildu dituen arren. Are gehiago, ondare hori etorkizunean proiektatzen da, berdintasunean, justizian eta ikusgarritasunean aurrera egiteko konpromiso irmoarekin", adierazi du Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak osteguneko ekitaldian. 

Proiektu hori argitalpen batean, komiki batean eta ikus-entzunezko hainbat materialetan gauzatu da, eta Arabako landa eremuko kuadrilletako emakumeek historian zehar egindako ekarpenak berreskuratu eta nabarmendu nahi ditu, eta, aldi berean, bigarren mailara baztertu dituzten desberdintasunak nabarmendu. Arabako diputatu nagusiaren eskutik zazpi emakumek jaso dituzte laia bana, Laia Emakumeen berdintasunerako eta ahalduntzerako Arabako lurralde sareari erreferentzia eginez.

Zazpi 'aztarnak'

Lan arkeologikoa profesionalizatzen aitzindari izan den Paquita Saez de Urturik jaso du laietako bat, Paleolitikotik Neolitikorako trantsizioan (Trebiñuko enklabea) zeuden emakume ehiztari-biltzaileen ondarearen ordezkari gisa. Isabel Mellen historialari, ikertzaile eta idazleak urteak daramatza Arabako emakumeen memoria historikoa berreskuratzen, eta beste aztarna bati dagokion aintzatespena jaso du, Alaitzako erditze errituetako emakumeena.

Maria Angeles Teso Fernandez, belaunaldiz belaunaldi San Pedro ermitaz (Lagran-Bernedo) arduratzen den Martinez de Lagran familiakoa, Arabako Mendialdeko serora, freila eta beaten ordezkaria da. Eta omenaldia jaso du, Garbiñe Astondoa Ormaetxeak bezala, Rosalia Ormaetxearen eta Maria Trojaolaren alaba eta biloba, hurrenez hurren, Aramaioko emakume sendalari eta emaginen leinu batekoak.

Maistra errepublikanoen aztarna Maria Pilar Peciña Fernandezek ordezkatu du, bera baita Teofila Villanueva Marcuello maistra errepublikanoaren garai bateko ikasle, bizilagun eta laguna. Rafaela Garrido Masek, berriz, Laudioko industrializazio prozesuan lan egiten duten emakume langileen aintzatespen laia jaso du, langile horien guztien ordezkari gisa; 1955ean Aldeaquemadatik (Jaen) iritsi zen, ingurune industrializatu batean etorkizun oparoagoaren bila.

Azkenik, Salineras de Santa Ana elkarte soziokulturaleko presidenteak, Ines Alonso Martinezek, Añanako emakume gatzgileen izenean, Gatz Haraneko emakume horien ahizpatasuna omentzen duen aintzatespena jaso du.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago