Nazio Batuen Erakundeak, 1977an, Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna izendatu zuenetik, Amerikako Estatu Batuetako hainbat erreferentzia erabili izan dira aldarrikapen feministaren aldeko egunaren jatorria azaltzeko. Aurrekari historiko horiek kontakizun historikoan sartu dira, mugimendu feministarekin zerikusirik ez duten interesen arabera.
Lehenik eta behin, New Yorkeko ehungintzaren sektorean 1857an izandako greba aipatzen da, baina 1985ean baztertu zen aurrekari hori. Izan ere, ez dago greba horri buruzko datu egiaztagarririk. Gainera, 1857ko martxoaren 8a igandea izan zen.
Bigarrenik, 1907ko martxoaren 8an agertzen diren beste bi gertaera aipatzen dira: greba "handi" bat, eta AEBetako Emakume Sozialisten bilera bat. Baina greba edo bilera horiek ere ez dira dokumentatuta agertzen inon.
Azkenik, Martxoaren 8ko aurrekari bezala aipatzen da ere New Yorkeko Triangle Shirtwaist alkandora fabrikako sutea, 123 emakumezko langile hil baitziren bertan. Alta, aipatu ezbeharra martxoaren 25ean gertatu zen, eta ez, martxoaren 8an.
Azken bulo hori berriena da, 1985ean sortu zen, dirudienez genealogia feministak erreferentzia komunista bat izan zezan saihesteko: 1917ko San Petersburgoko emakume nekazarien eta langileen greba. Greba horri esker, lau egunetan, Errusiako tsarraren abdikazioa lortu zuten grebalariek, eta emakumeentzako boto eskubidea; gainera, Errusiako Iraultzari hasiera eman zioten.
Horregatik, langile errusiarren omenez, Clara Zetkin alemaniar buruzagi komunistak eta Rosa Luxemburg poloniar teorilari marxista eta sozialista iraultzaileak Martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izendatu zuten. Ordutik, erreferentzia hori ospatu zuten, urtero, ofizialki, herrialde komunistetan, eta alderdi komunistek beste herrialde batzuetan.