Bigarren urtez, Araba Euskarazen Jai Alai Master Series txapelketa jokatu dute. Martxoaren 7an hasi, eta 14an eta 21ean ere arituko dira, Gasteizko Olabe pilotalekuan.
Zesta puntaren egungo gizonezko eta emakumezko onenak elkartuko ditu jaialdiak. Launa bikotek parte hartuko dute bi kategoriatan. Partida guztiak kontuan hartuta, 16 pilotarik hartuko dute, eta horietatik bi arabarrak izango dira: Maite Ortiz de Mendibil eta Julen del Rio. Aurkariak ez dira nolanahikoak izango; emakumezkoetan, Gasteizen izango dira, besteak beste, Erika Mugartegi zein Maialen Aldazabal, iazko Durangoko Euskotren Winter Serieseko txapeldunak. Gizonezkoetan, berriz, Aritz Erkiaga da protagonista. Gernikako Eusko Label Winter Serieseko txapela jantzi zuen, eta, Miamin Dania Beacheko Biscayne Cupeko txapela eskuratu berri du. Julen del Rio izango du bikote Gasteizko Olaben, iazko garaipena errepikatzeko asmo betearekin.
Jada salgai daude hiru jardunaldietarako bonuak (20 euroan, on line soilik eskuragarri) zein eguneko sarrerak (10 euro finalerdiak, eta 15 euro finalak, on line zein leihatilan) arabaeuskaraz.eus eta eramanjaialai.com webguneetan.