Herriko festak irudikatuko ditu ETSk BECeko hiru kontzertuetan

Erredakzioa 2025ko ots. 28a, 13:39

Telebistaz eskainiko dute martxoaren 22ko emanaldia. Argazkia: ETS

Hiru kontzertu eskainiko ditu 20. urteurrena ospatzeko, martxoaren 15ean, 21ean eta 22an.

BECen eskainiko dituzten hiru kontzertu berezietarako atzera kontua hasi du ETSk. 45.000 pertsona batuko dituzte martxoaren 15, 21 eta 22an, eta gonbidatu berezi sorta bat izango da horietan; hogeigarren urteurrenari amaiera emateko, 30 abesti baino gehiago eskainiko dituzte, eta 40 artista baino gehiago igoko dira oholtzara.

Taldearen ibilbidean mugarri bat izan diren herriko jaiek protagonismo berezia izango dute kontzertuetan. Martxoaren 22an egun osoko festa antolatu dute, eta herriko jai bat berregingo dute. "Herriko jaietako esperientzia horietan jaso ditugun ohiturak, dantzak eta edertasun kulturala ikuskizunean irudikatu nahi ditugu", azaldu du Iñigo Etxezarretak kontzertuen aurkezpenean. Unibertso berezia sortuko dute bertako kulturari balioa emanez, eta folklorea, jaiak eta euskal musika omenduko dituzte. Txupinazoa, Miren Nogales eta Antton Telleriarekin batera, umorez, herri kirolak, haurrentzako jarduerak, kalejirak, Puro Relajoren musika mexikarra, Joselu Anaiak taldearen erromeria eta DJ Bull taldearen erritmoa izango dira, besteak beste. 

Hiru kontzertuek aurrekaririk gabeko hedapen teknikoa izango dute, 250 m2-ko pantaila, ia 40 pertsona taula gainean, musikari, dantzari eta giza talde handi baten artean. Gainera, egun bakoitzean, ETSren emanaldiaren aurretik, Andoni Ollokiegik eta Gozategik kontzertu banarekin emango diote hasiera gauari.

Martxoaren 22ko kontzertua zuzenean emango dute ETB2n, 21:30etik aurrera, Xabier Garcia Ramsdemek aurkeztuta, eta EiTBko irratien, eitb.eus-en eta Primeran-en bidez ere jarraitu ahal izango da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago