Irakasleen %75ak egin du bat grebarekin, sindikatuen arabera

Erredakzioa 2025eko otsailaren 28a

Aldarrikapenak bete ezean greban jarraitzeko indartsu daudela iragarri dute sindikatuek. Argazkia: M. Elortza

Eusko Jaurlaritzaren esanetan, %47ko jarraipena izan du. Lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea eta eros ahalmena berreskuratzea eskatu dute, besteak beste.

Urteko laugarren greba eguna izan zuten atzo hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleek. STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako greban 27.000 irakasle zeuden deituta EAEn. Horien %75ak grebarekin bat egin duela adierazi dute sindikatuek. 

Eusko Jaurlaritzak, aldiz, ikastetxeetako zuzendaritzek emandako datuak aipatuz, adierazi du %47ko jarraipena izan duela egunak. Hau da, 11.768 irakaslek parte hartu dutela. Sindikatuek salatu dute Jaurlaritzak gehiegizko zerbitzu minimoak erabili dituela greba baldintzatzeko.

Hezkuntza publikoaren defentsan egindako lau greba egunetan Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean egin dituzte mobilizazioak milaka langilek. Salatu dutenez, EAEn Hezkuntza sail berria dagoen arren, "azken urteetako jokamolde berbera" dutela mahai gainean. Hezkuntzako langileen lan baldintzak okertzen ari direla salatu dute, Hezkuntza sailak "erabakiak aldebakarrez" hartzen dituelako. Negoziazioak etengabe luzatzea leporatu diote Jaurlaritzari.

Jaurlaritzaren "pauso bakanak"

Grebek Jaurlaritza mugiarazi dutela adierazi dute sindikatuek. Jaurlaritza bi mahai deitzera behartu dutela esan dute, baina "pauso bakan batzuk" besterik ez direla izan. Hala ere, jakinarazi dute grebetako eskaerei erantzutetik urrun dagoela. Bi mahai horietan Jaurlaritzak aurkeztutako edukiak ez dira nahikoa sindikatuentzat, eta Jaurlaritzari leporatu diote "negoziaketak irudikatzea".

Sindikatuek gogorarazi dute hamabost urte daramatzatela hitzarmena eguneratu gabe. Eskatzen dute lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea eta lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatu ditzala Jaurlaritzak.

Sindikatuek kritikatu dute Hezkuntza sailak "langileen gehiengoa ordezkatzen ez duten sindikatuekin" gutxiengoan sinatzeko aukera, eta ez sinatzeko konpromisoa eskatu diote. Ohartarazi dute haien aldarrikapenak erantzun ezean grebetan jarraitzeko indartsu daudela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago