Hirugarren greba egunak "jarraipen zabala" izan duela nabarmendu dute sindikatuek. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 27.000 irakasle zeuden deituta gaurko, eta deitutakoen %75ak babestu duela esan dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, aldiz, ziurtatu du irakasleen %48k egin dutela bat lanuztearekin.
Gasteiz, Bilbo eta Donostian lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean deitutako mobilizazioetan milaka langile elkartu direla gogoratu dute STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek. "Urtarrilean egin bezala, milaka eta milaka langilek salatu dute EAEn Hezkuntza sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugula mahai gainean: hezkuntzako langileon lan baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako".
Sindikatuek ohar batean nabarmendu dutenez, urtarrileko grebek eta mobilizazioek bi mahai deitzera eta pausu batzuk ematera behartu dute Jaurlaritza. "Argi dago grebak direla Jaurlaritza mugiarazten dutenak. Tamalez, halere, oraindik grebetako eskaerei erantzungo dioten balizko proposamenetatik urrun dago". Jaso dituzten proposamenak nahikoa ez direla salatu dute irakasleek, eta hirugarren greba egun honetan ere "mezu argiak" helarazi dizkiete. "Hamabost urte dira hitzarmena eguneratu gabe; eta aski da. Lan zamak arintzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak proposatzeko garaia da".
Hezkuntza sailari azken momentuko "eduki nahikorik gabeko mahaiak deitzeari uzteko" eskatu diote, eta eskaera hauei erantzungo dioten proposamenak egiteko galdegin. "Hezkuntza publikoa indartzeko ezinbestekoa da inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu eta baliabideez hornitzea".
Gaurko egunari jarraipena emanez, bihar ere greba eguna izango dute hezkuntza publikoko irakasleoek, eta manifestazio bateratua egingo dute Gasteizen, 11:30ean Europa jauregitik abiatuta.