Arazo teknikoak webgunean, Espainiako futbol ligak agindutako blokeoen ondorioz

Erredakzioa 2025ko ots. 25a, 11:40

Argazkia: FREEPIK

Arazoak batez ere Movistar, Digi eta O2 operadoreen bezeroei eragiten die. 

Azken egunotan arazo teknikoak izaten ari dira ALEA zein TOKIKOM Plataforma erabiltzen duten beste 30 webguneetan. Zehazki, webguneak bisitatzeko erabiltzen den gailuaren eta internet operadorearen arabera, azaleko orriko irudiak eta multimedia elementuak ez dira ondo kargatzen, eta webgunea, ondorioz, desitxuratuta azaltzen da. Arazoak batez ere Movistar, Digi eta O2 operadoreen bezeroei eragiten die. 

Arazoaren jatorria Espainiako futbol liga kudeatzen duen LaLiga elkarteak hartutako neurri judizial batean dago. Zuzeneko partiduen emankizun piratak ekidin eta bere etekin ekonomikoak babesteko, LaLigak bere esku duen ebazpen judizial bat exekutatzeko eskatu du otsaila hasieran. Ebazpen horren arabera, internet hornitzaileak behartuta daude Ligako partida bat dagoen bakoitzean IP edo helbide tarte zabal bat blokeatzera, partiden baimenik gabeko emankizunak eragozteko. 

 Helbide horien artean daude hainbat eta hainbat webguneri zerbitzua ematen dien Cloudflare zerbitzuak erabiltzen dituenak. Hala, futboleko enpresa handien mozkinak babesteko, Espainia osoan 160.000 webgune inguru kaltetzen ditu blokeoak, futbolarekin eta eduki piratekin zerikusirik izan zein ez. Kaltetutako webgune horien artean daude TOKIKOMeko guztiak, ALEA barne, eta Berria.eus edo Egunean Behin aplikazioa bezalako beste zerbitzu batzuk. Cloudflare enpresak epaitegietara eraman du LaLigaren jokaera, "gehiegizkoa eta zentzugabea" delakoan. 

ALEAk barkamena eskatu nahi dizue blokeoa pairatzen ari zareten erabiltzaile guztioi. TOKIKOMeko eta Plataformaren zerbitzua mantentzen duen CodeSyntax enpresako talde teknikoak lanean ari dira arazoari aurre egiteko, baina ez dago alternatiba tekniko askorik ebazpen judiziala aldatzen ez den bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago