Eduardo Moreno konpositore guardiarrak Arraigo izeneko bere bederatzigarren diskoa aurkeztuko du ostiral honetan, Gasteizko Musika Bandarekin batera. Kontzertua Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko areto nagusian izango da, 20:00etan. ALEAn Morenok berak aurreratu zuen moduan, disko berri honek tradizioa eta gaurkotasuna uztartzen ditu, eta musikariaren ibilbidean mugarri garrantzitsu bat da.
Emanaldiaren aurkezpenean, hori bera azpimarratu du Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak: Morenok bere ibilbidean zehar tradizioa eta berrikuntza uztartu dituelako adibide argia dela bihar aurkeztuko duen diskoa. Luis Orduña Bandako zuzendariak, berriz, nabarmendu du "gure musikaren, betiko musikaren, gure folklorearen, esentzia jasotzen duten konposizioak" direla, Morenok bere lanari ematen dion "ikuspegi eta kolore bereziarekin". Dioenez, musika "sinplea da funtsean", baina "interpretatzen duenaren nahiz entzuten duenaren arima ukitzen duena".
Konpositoreak honela definitu du diskoa: "Gure musika-tradizioan oinarritzen den eta gaur egunera eramaten duen konposizio multzoa da, baina, beste ezeren gainetik, zuzenean hunkitzen saiatzen da".