Palestinako umeentzako elkartasun mezuak

Erredakzioa 2025eko otsailaren 19a

Mundubat elkartearen esku geratu dira haurren mezuak. Argazkia: 'Gure haurrak ere badira'.

Mota guztietako 500 mezu baino gehiago dira Euskal Herriko hamaika ikastetxetatik zein etxeetatik bidalitakoak.

Gure haurrak ere badira egitasmoaren bitartez, Euskal Herriko ume zein nerabeek Palestinako beraien adinkideentzat sortutako ehunka elkartasun mezu jaso dituzte, Mundubat elkartearen esku geratu direnak. Iazko abendua eta aurtengo urtarrila bitartean jasotakoak dira denak; ikasgeletan ein etxeetan, bakarka edo taldeka sortutako 500 mezu baino gehiago.

Mota guztietako mezuak dira Euskal Herriko hamaika ikastetxetatik zein etxeetatik bidalitakoak: marrazkiak, gutunak, ordenagailuz egindako irudiak, olerkiak zein bertsoak, bideoak eta abestiren bat ere bai. Elkartasun mezu horiek X sarean eskegi dituzte, hari erraldoi batean, eta denak helbide honetan ikusgai daude:

 

"Baina mezu horiek guztiak Palestinaraino heltzea dute helburu, une honetan genozidio baten biktima zuzenak diren ume palestinarrek zuzenean jaso eta senti dezaten euskal ume zein nerabeen elkartasuna", azaldu dute Gure haurrak ere badira egitasmoko sustatzaileek.

Mezu horiek guztiak bildu eta Palestinara bideratuko dituzte, bi bidetatik: Ingalaterran dagoen eta mundu zabaleko elkartasun mezuak biltzen dituen Letters for Palestinian Childhoods elkartearen bidez eta Mundubat euskal elkartearen bidez. Mezu horiekin guztiekin batera, Mitxel Elortza Gure haurrak ere badira egitasmoko kideak Euskal Herriko umeek Palestinan gertatzen ari dena uler dezaten idatzitako Askatasun doinua ipuina ere bidaliko dute, arabierara itzulita, ume palestinarrek ere lan hori ezagutu dezaten.

'Gure haurrak ere badira'

Egitasmoa 2023ko urrian sortu zen Euskal Herriko zenbait txokotan martxan jarri zen iniziatiba ezberdinen bidez, eta 2024ko apirilean Euskal Herri mailan hedatu zuten hainbat gurasok eta hezkuntza arloan lan egiten duten hainbat langilek, Palestinan gertatzen ari denak hunkituta eta, oso bereziki, hango haurrak eta nerabeak pairatzen ari diren sarraskia ikusita.

Hala sortu zuten Gure haurrak ere badira manifestua, eta ugariak dira manifestua babestu dutenak; Euskal Herri osoko 200 ikastetxetako guraso elkarteak, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, EHIGE - Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea eta ELA, LAB, STEILAS, CCOO, UGT eta CNT sindikatuak. Orduz geroztik, hainbat egitasmo antolatu dituzte: Euskal Herriko ikastetxeetako patioetan egindako konzentrazioak edota iazko abenduaren 4an Gasteizko parlamentuko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean egindako agerraldia, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago