Espainiako Ministro-kontseiluak astelehenean eman zion argi berdea Burgos eta Gasteiz batuko dituen AHT bidearen obrak lizitatzeari. Pancorbo eta Ameyugoko arteko zatia izango da lehena, ibilbideko konplexuena, hain zuzen. 8,4 kilometro izango dituen zati hori eraikitzeko 363 milioi euro ordaintzea aurreikusi du Garraio ministerioak, BEZa gabe.
Gasteiz eta Burgos arteko trenbide azkarrak 96,6 kilometro izango ditu guztira, eta Pancorbo-Ameyugo atalaz gain, beste sei zati izango ditu. Miranda Ebron bypass bat eraikitzea ere aurreikusi dute, eta abiadura handiko tren batzuek geldialdia egin ahal izango dute bertan. Espainiako Gobernutik adierazi dute zati guztien proiektuak amaituta izan nahi dituztela 2026a amaitu baino lehen, obren lizitazioa abiatu ahal izateko.
Hala, hasi dute AHTaren "euskal Y" Madrilekin lotzeko bidea, eta Espainiako AHTaren gainerako lineekin. Hala ere, ez da aurreikusten EAEko zatia amaitzerako prest egongo denik hegoaldeko lotura. Administrazioaren ohiko epeak beteko balira posible litzateke Pancorbo eta Ameyugo arteko lanak abiatu ahal izatea urtea amaitu baino lehen.
Zailtasun ugari omen ditu lehen tarte honek, "ingeniaritza erronka" handia dela adierazi du Adif-ek, ibilbidearen %77an leku berezietatik igaro beharko dela, izan tunel batean edo zubibidean, eta oso bide estua omen da lanerako, irisgarritasun gutxikoa. Obarenes mendiak eta Pancorboko haitzartea igaro behar ditu, eta bertan jadanik badaude A-1 autobidea eta ohiko trenbidea.
Aurreikuspenen arabera, AHTak Burgos eta Gasteiz lotzen dituenean, Gasteiz-Madril ibilbidea bi ordu eta bost minutuan burutuko da, egungo hiru ordu eta 45 minuturen aldean.