Alavabusen 14 urte arteko doakotasuna eskatuko dute Batzar Nagusiek

Erredakzioa 2025eko otsailaren 19a

14 urte arteko bidaiariek doan bidaiatu ahalko dute. Argazkia: AFA

EH Bildu, EAJ eta PSE alderdiek hori ahalbidetuko duen erdibideko zuzenketa adostu dute gaur.

Foru garraio publikoan 0 eta 14 urte arteko haurrentzako bidaia doan izateko eta 26 urte baino gutxiagoko gazteentzako %50eko deskontua izateko eskatuko diote Batzar Nagusiek Arabako Aldundiari.

EH Bilduk aurkeztutako mozio baten inguruko akordioa lortu dute gaur foru gobernuan dauden alderdiek. Besteak beste, bertan eskatzen diote aldundiari Euskadiko Garraio Agintaritzaren barruan "beharrezko egokitzapenak" azter ditzala Espainiako Gobernuak urtarrilaren 28an atera zuen errege dekretua uztailetik aurrera ezarri ahal izateko. "Zehazki, 26 urtetik beherako gazteentzako foru garraio publikoan %50eko deskontua eta 0 eta 14 urte bitarteko gazteentzako doakotasuna", zuzenketak berak jasotakoaren arabera. 

Modu berean, eskatu dute "finantziazio partekaturako bide posibleak" bilatzeko, bai eta neurri horiek EAEko garraio publikoa kudeatzen duten erakundeen artean izango duten "kostu ekonomikoaren banaketa proportzionala" aztertzeko ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago