Greba egun berria bihar Arabako erresidentzietan

Erredakzioa 2025eko otsailaren 19a

Bost urtetik gora daramate Arabako erresidentzietako langileek borrokan. Argazkia: ELA

ELA eta LAB sindikatuek deituta, 2025eko bigarren greba eguna izango du sektoreak. 18:00etan manifestazioa egingo dute Gasteizen.

Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioetako langileak grebara deituta daude bihar, beste behin. Sektorearen egoerak latza izaten jarraitzen duela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek, eta negoziazio mahaia blokeatuta dagoela. "Ez dago proposamenik mahai gainean".

Urtarrilaren 30ean ere greba egin zuten Arabako erresidentzietako sektorean, eta balorazio positiboa egin zuten sindikatuek. Orain, urteko bigarren lanuztea deitu dute otsailaren 20rako.  Lantokietako mobilizazioez gain, manifestazioa egingo dute Gasteizen, 18:00etan, Babesgabetuen plazatik abiatuta eta Andre Maria Zuriaren plazara arte.

ELAk adierazi du Foru Aldundiaren aurrekontu akordioa "aurrerapausoa" izan dela, baina Aldundiak hitzeman zuela urtarrilean proposamen berri bat ekarriko zuela, eta "hori ez dela gertatu". 

Sindikatuek gaitzetsi dute administrazioak atea zabaldu izana gutxiengoan sinatutako itun bat egiteari, eta adierazi dute ez dutela halako "akordio faltsurik" onartuko. "Lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen orokorra" da sindikatuek eskatzen dutena, eta kritikatu dute administrazioak "soldatari eta lanaldiari" buruz bakarrik hitz egin nahi duela.

Aurrekontua aurrerapauso

ELA eta LAB sindikatuek ontzat jo zuten abenduan EAJ, PSE eta EH Bilduk lortutako aurrekontu akordioa, diru kopuru bat zehazten zelako Arabako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko. "Gatazka agenda politikoan kokatzea" lortu izana nabarmendu zuten sindikatuek, urteetako borrokaren ondoriotzat hartuz.

Hala ere, eskaintzarik gabe jarraitzen dutela salatu dute, eta Aldundiari exijitu diote hartutako konpromisoa bete dezala. Sektorea duintzeko neurri espezifikoak eta konpromiso politikoak falta direla adierazi dute sindikatuek, "prekarietatea nagusi" den sektorean. Bost urtetik gora daramate Arabako sektoreko langileek borrokan, hitzarmen duin baten eske.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago