Saharako haurrek uda Araban pasatzeko familiak eskatu ditu Afanisek

Erredakzioa 2025eko otsailaren 18a

2025eko 'Oporrak bakean' ekimena aurkeztu dute. Argazkia: AFA

Harrera familiek laguntza ekonomikoak jasotzeko aukera dute aisialdiko jarduerak ordaintzeko.

Beste urte batez haur sahararrek Gasteiza etortzeko aukera izango dute uda pasatzera, baina harrera egingo dieten familiak behar dira horretarako. Deialdi bateratua egin dute Afanisek, haur sahararren harrerarako familien elkarteak, Gasteizko Udalak, Foru Aldundiak eta Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzak.

8 eta 12 urte bitarteko 40 haur sahararri harrera egitea jarri dute helburutzat. Esperantzari leiho bat kanpaina abiatu dute, Oporrak bakean dinamikaren baitan, harrera familiak aurkeztu daitezen. Familiei bidea errazteko asmoz, laguntza ekonomikoa eskainiko zaie haurrak hemen izango diren bi hilabeteetan aisialdiko jarduerak ordaindu ahal izateko, izan udalekuak, udako campusak, jolastokiak edo bestelakoak.

Iñaki Gurtubai Foru diputatuak azaldu duenez, hiru haur sahararretik batek soilik jasotzen du hazkunde egokia bermatuko dion elikadura. "Horregatik, Arabako egonaldiak bermatuko die mediku arreta eta elikadura orekatua".

Iaz 22 familia arabarrek jaso zituzten haur sahararrak uztaila eta abuztuan, hamaika neska eta hamabi mutil, errefuxiatu kanpalekuetan bizi direnak. Gurtubaik adierazi du Oporrak bakean ekimenak erakusten duela Arabak bat egiten duela Saharako herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko duen aldarrikapen justuarekin.

Haur sahararren egoera

Afanisek azaldu duenez, Arabara etorriko liratekeen haurrak oso inguru zailean bizi dira urte osoan zehar, Argeliako Hamadan dauden kanpalekuetan, 1975ean erbesteratzera behartuak izan zirenetik.

Udan 55 graduko tenperaturak izaten dira kanpalekuetan, eta azaldu dutenez Araban igarotzen dituzten bi hilabeteak oso garrantzitsuak dira "etxera itzuli daitezen osasuna hobetuta eta energia berriztuta". Azken urteetan ehunka haur sahararrek izan dute aukera uda ezberdina gozatzeko, "kulturartekotasuna sustatuz eta arabarrak sentsibilizatuz herri sahararraren egoerarekin.

Afanis elkarteak kudeatzen ditu haurrak Arabara heldu arte behar dituzten baimen eta dokumentu guztiak. Familiek beren gain hartu behar dute haurren zaintza, elikadura eta babesa udako bi hilabeteetan zehar. Hala ere, elkarteak laguntza eta aholkularitza eskaintzen die hala behar duten guztietan.

Interesa duten familiek Afanisekin harremanetan jarri behar dute, 650 134 011 edo 665 711 947 telefonoetaran deituta, edo www.afanis.org webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago