Gasteiz Araba Film Comission jaio da

Erredakzioa 2025eko otsailaren 17a

'Sacamantecas' pelikula filmatzen hasi aurreko lanak. Argazkia: Buena Vista Internacional.

Zinema sustatzea helburu duen komisio honek, besteak beste, espazio publikoetan filmatzeko baimenak izapidetzeko lanak kudeatuko ditu.

Etxeko eta nazioarteko ikus-entzunezko ekoizpen etxeen kudeaketak errazteko asmoz, Gasteiz Araba Film Comission erakundea jarri dute martxan Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak.

Azaldu dutenez, ikus-entzunezkoen sektoreak Araban izandako gorakadak eta sendotzeak eragin du hitzarmena, baita lurraldean bideratutako ikus-entzunezko ekoizpenen kopuruaren hazkunde nabarmenak ere. "Hori dela eta, beharrezkoa da lankidetza mekanismoak abian jartzea, bi erakundeek abian jarritako helburuei erantzun eraginkorragoa eman ahal izateko", azaldu dute hitzarmena aurkezteko agerraldian, Santa Maria katedralean. Lehentasunezko helburuak ikus-entzunezko proiektuak filmatzeko eta horien garapena errazteko gune gisa Gasteiz eta Araba sustatzea eta bultzatzea dira, baita tokiko zinematografiako sektorea eta ikus-entzunezkoen sektore osoa indartzea ere.

Bi erakundeen artean zehaztutako lankidetzarako eta koordinazio estrategikorako esparruak jarduera ildo batzuk barne hartzen ditu, hala nola Gasteizen edo Araban egiten diren filmaketetara joatea eta horiei buruzko informazioa ematea; espazio publikoetan filmatzeko baimenak izapidetzeko lanak kudeatzea; filmatzeko espazioak bilatzen laguntzea eta tokiko ikus-entzunezko profesionalak hemen filmatzeko interesa duten ekoizleekin harremanetan jartzea.

Gainera, Gasteiz Araba Film Commissionek babesak eta beste finantzabide batzuk bilatzen lagunduko du; lurraldea sustatuko du ekitaldi, azoka eta beste kanal batzuetan; ikus-entzunezko sektorean tokiko talentua eta jarduera ekonomikoa babestuko ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago