Memoria historikoan generoa txertatu dute Mellen eta Lopez de Maturanak

Erredakzioa 2025eko otsailaren 17a

Aurkezpena Bilbon egin dute, joan den ostiralean. Argazkia: IREKIA

Emakunderentzako gida bat ondu dute historialari arabarrek. Artea, literatura, musika, zientzia eta politika bezalako alorretan emakumeek izan duten rola azpimarratzen du agiriak.

Memoria historikoa genero-ikuspegiarekin gida aurkeztu dute Isabel Mellen eta Virginia Lopez de Maturana historialari arabarrek, emakumeak kontakizun historikoan txertatu eta haien bizipenen eta esperientzien garrantzia aitortzeko. Modu berean, gidaliburuak emakumeek utzi duten ondarea babestu, azaleratu eta haien desagerpena saihestu nahi du.

Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariarekin eta Lexuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuarekin aurkeztu dute gida Bilbon, joan den ostiralean.

Jaurlaritzak ohar batean adierazi duenez, "emakumeen inplikazioa ikusezin bihurtu duten gertaera eta irudi historikoen adibideak ematen ditu dokumentuak", eta memoria historikoan genero ikuspegia txertatzeko gakoak ematen ditu.

Gidak emakumeen ondareari buruzko informazioa biltzen du: artea, literatura, musika, zientzia eta politika bezalako alorretan. Atal bakoitzean, emakumeen biografia labur bat, haien lanen deskribapena eta haien ekarpenen garrantzia azaltzen dira. 

Egileek Amelia Barquin filologoaren ekarpenak ere jaso dituzte, eta memoria historikoan genero ikuspegia txertatzeko ideien dekalogo bat sortu dute. Gida Emakunderen webgunean deskargatu daiteke, eta paperezko bertsio bat eskuragarri dago Emakunderen bulegoetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago