Irati Anda eskalatzaile arabarrak jaso du Eusko Jaurlaritzaren Kiroletik Bagoaz Euskaraz 2024 Saria, bere kirol ibilbidean zehar erakutsitako jarrera euskaltzaleagatik. Durangoko San Agustin Kulturgunean eman dio saria Aitor Aldasoro Hizkuntza Politika sailburuordeak.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua da Anda. Eskaladan lortutako arrakastaz gain, EITBko Gailurra saioan ere jardun du, eta Arabako Bertsozale Elkartean eta Euskaharan elkartean ere aktiboki parte hartzen du.
Aitor Aldasoro sailburuordeak adierazi du "une erabakigarri" batean gaudela, eta euskarak kalitatezko jauzi bat eman behar duela. "Euskararen ezagutza handitu behar dugu eta ingurune guztietan, arlo guztietan, gure hizkuntzaren erabilera sustatu. Kirol arloa euskalduntzea estrategikoa izango da euskararen garapenerako".
Sari hau kirol munduan euskararen aldeko ekimenak aitortu eta sustatzeko helburuarekin sortu da, eta aurreko edizioan bezala, hainbat kirolari eta eragile euskaltzale saritu ditu. Aintzatespenaren bidez, euskararen transmisioan bidelagun izango diren erreferenteak behar direla azpimarratu du Aldasorok. Belaunaldi gazteenek eredu dituzten euskal kirolariak behar dituztela adierazi du, eta sari honen helburu nagusia erreferente horiek egiten duten lanari balioa ematea eta euskararen erabileran eta sustapenean jokatzen duten paperaren garrantzia azpimarratzea dela gaineratu du.
Irati Andari emandako garaikurra Idoia Leache eskultoreak egin du, Hizkuntza Politika sailak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak elkarlanean burututako sortzaile gazteen arteko artelanen lehiaketaren bidez. Ekitaldian, euskal dantza garaikideak ere protagonismo berezia izan du.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!