Behin goizeko lainoak pasata, gaur zeru eguzkitsua izango dugu, hodeiren bat ikusiko den arren. Norabide aldakorreko haizea izango dugu, eta ahul-bizi arituko da. Eguzkiarekin batera, tenperaturen gorakada etorriko da, eguneko alde termikoa 5 eta 16 gradu artean geratuz.
Asteburuan, guztiz garbi egongo ez den arren, Lorenzo ikusteko parada izango dugu. Larunbat goizean lainoak agertuko dira, eta zerua partez hodeituta egongo da, erdi eta goi mailako hodeiekin. Antzeko agertokia izango dugu igandearen lehen partean, baina, Euskalmeten arabera, orduek aurrera egin ahala hodeiak ugarituz joango dira, eta horiekin batera euri txikiren bat bota dezake. Tenperaturei dagokienez, oso antzera mantenduko dira: larunbatean 3 eta 17 gradu arteko aldea espero da hiriburuan, eta 5 eta 17 gradu artekoa igandean.