2025-26 kanpainarako azukre-erremolatxa ereiteko kanpaina hastear dagoela, Azucarerak %40ko murrizketa planteatu du datorren urterako. Hala salatu du UAGA sindikatuak. Izan ere, 60 eurotik 37 eurora jaisteko proposamena helarazi die faktoriak nekazariei.
3.000 ekoizleren uzta biltzen du Azucarerak, eta %40ko merkatu kuota du Espainian; Miranda Ebro lantegiak Gaztela eta Leongo, Errioxako, EAEko, Nafarroako eta Aragoiko hainbat probintziatako erremolatxa ehotzen du.
Prezio jaitsiera onartezina da UAGArentzat. "Proposamena ekoizpen kostuen azpitik egongo lirateke eta ustiategi askok laborea uztera behartuta geratuko lirateke", esan dute. Gauzak horrela, Nekazaritza Ministerioaren Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren aurrean salatu dute Azucareraren jokaera nekazariek. "Ezin dugu onartu enpresak, azukrearen merkatuan duen monopolioaz baliatuta, ekoizleak beste labore batzuetara egokitu ahal izateko edo NPBn hartutako ingurumen konpromisoak betetzeko maniobra tarterik gabe uztea".
Denbora gabe
Sindikatuak gaineratu duenez, denbora luzez egon da konpainiari kanpaina honetarako bere proposamena eskatzen, eta gaur arte ez du bere planteamenduaren berri izan. "Nekazariei oso denbora tarte eskasa utzi die haien planteamendua moldatzeko, izan ere, ustiategiek datorren urterako ereite planifikazioa egituratuta daukatenean".
UAGAren arabera, azukre-erremolatxaren bideragarritasuna zalantzan geratzen da Azucareraren prezioekin, eta nekazari askok labore horrekin jarraitzea birplanteatzen ari dira. "Laboreen txandaketagatik edota ureztatze azpiegiturak erabiltzegatik Arabarentzat labore estrategikoa bada ere, prezioa errentagarria ez bada, erremolatxa desagertu egingo da lurraldetik". Ildo horretan, prezioen proposamena mantentzen bada, ingurumen konpromisoak malgutzea eskatuko du UAGAk, "erremolatxa ereiteari uzten diotenek zigorrik jaso ez dezaten".