Arabako Artxiboak antolatutako 'Zesarra Gasteizen' erakusketak Karlos I.a enperadorearen irudia eta Arabarekin izan zuen harremana gogoraraziko ditu. Erakusketa atzodanik ikusgai dago Gasteizko Kordoi Etxean, eta apirilaren 4ra arte egongo da zabalik.
Iaz, Karlos I.ak 1524ko urtarrilean eta otsailean Gasteizen egindako egonaldiaren bosgarren mendeurrena bete zen. 24 urteko enperadore gaztea Arabako hiriburuan kokatu zen, eta bertan nazioarteko gorte baten egoitza izan zen zortzi astez. Egun bizi horiek funtsezkoak izan ziren Arabaren eraldaketa ekonomiko eta sozialerako hurrengo hamarkadetan.
Erakusketa honetan, Arabako Artxiboak artxiboan bertan gordetako dokumentu historikoak hautatu ditu erakusteko, bai eta Aguraingo eta Hondarribiko udalen maileguak eta Gasteizko Apaiztegiko Liburutegiarenak ere. Erakusgai dauden dokumentuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: 1537ko Arabako Ordenantzak –Karlosek berak sinatutakoak–, 1522an Aguraingo hiribilduari eman zitzaion erregeren pribilegioa, edo 1518an Rotterdamgo Erasmok enperadoreari eskainitako "Printze kristau baten heziketa" lanaren Veneziako edizioa.
Ana del Val Kultura foru diputatuaren hitzetan, erakusketa honek aukera ematen du "Gasteizko eta Arabako historiaren funtsezko gertaera bat berpizteko, zeina ia ez baita gogoratzen baina gaur egunera arte eragina izan du, helarazi digun kultura ondare eta legatu ordezkaezinari esker". Bisitatzeko ordutegia hau izango da: goizez, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 19:00etara, astelehenetik ostegunera.