Cristina Gonzalezek Arabako PSEren idazkaritza utziko du

Erredakzioa 2025eko otsailaren 7a

Cristina Gonzalez, Eneko Andueza eta Maider Etxebarria kanpaina amaierako ekitaldian. Argazkia: PSE

Javier Hurtado sailburua da Gonzalez ordezkatzeko faborito nagusia. Martxoaren 29ko kongresuan erabakiko dituzte lurraldeetako idazkariak.

PSE-EE berritze prozesuan sartua dago, eta azken hamaika urteetan Arabako buru izan den Cristina Gonzalezek iragarri du utzi egingo duela idazkari postua. Eneko Andueza idazkari nagusiak jarraituko duela adierazi du, eta orain lurraldeetako idazkariak nor izango diren dago erabakitzeke.

Martxoaren 29an X. kongresua ospatuko dute PSE-EEko kideek, eta gaurtik aurrera zabalik dago hautagaitzak aurkezteko epea. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua da Gonzalez ordezkatzeko hautagai nagusia Arabako sozialistak gidatzeko. Batasun keinua erakusteko edo, atzo batera iritsi ziren Gonzalez eta Hurtado alderdiaren Gasteizko egoitzara, probintziako batzordearen bilkurara.

Berez ez da behin-betiko emaitzarik egongo martxoaren 29a arte, baina baliteke lehenago baieztatu ahal izatea Hurtadoren idazkari kargua. Otsailaren 14an ez bada beste hautagairik aurkeztu, Hurtado izango da Arabako PSEren burua hurrengo legegintzaldirako, eta ez du berme bilketarik ere egin beharko.

Hamaika urte idazkari gisa

2014tik da Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEren idazkaria, Txarli Prietori lekukoa hartu ostean. Gonzalezek adierazi du hiru agintaldi bete dituela, eta "nahikoa" dela. Azaldu duenez, alderdia ondo dagoenean uzten ari da kargua. "Kidetasuna eta leialtasuna funtzionatzen ari direnean da uzteko momentu onena", jakinarazi du. "Gizarteari erakusten dio alderdian harrobi oso ona eta errelebo oso onak daudela".

Gipuzkoa eta Bizkaiko idazkariek, aldiz, jarraitzeko asmoa erakutsi dute, Jose Ignacio Asensiok eta Mikel Torresek, hurrenez hurren. Asensiok hiru urte daramatza postuan, eta Torresek 2014tik gidatzen du Bizkaiko sozialisten alderdia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago