Ostirala hodeitsu etorriko zaigu, erdi eta goi mailako hodeiekin. Prezipitazioak izango ditugu, bereziki goizean eta gauean. Agian elur modura bota dezake, batez ere gauean kota 600 eta 800 metro artean egongo baita. Ostiral gauetik eta larunbat goizerako abisu horia eman du Euskalmetek, elur arriskuagatik. Hego osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, zenbaitetan oso bolada gogorrak izango dituena. Tenperaturak 0 eta 8 gradu artean egongo dira, baina sentsazio termikoa -3 gradura iritsi daiteke.
Asteburuari dagokionez, larunbatean zein igandean zeru hodeitsuak edo estaliak izango ditugu. Larunbatean dago elurra botatzeko aukera gehien, batez ere goizean. Iganderako, espero da kota 1.000 metroren bueltan kokatuko dela. Elurra inguruan dela aintzat izanda, noski, oso tenperatura baxuak espero dira: larunbatean alde termikoa -2 eta 9 gradu artekoa izango da, eta 0 eta 10 gradu artekoa, igandean.