Jauregi Etxerako bisitak berreskuratu dituzte

Erredakzioa 2025ko ots. 6a, 12:08

Ibilbide gidatuek ordubeteko iraupena izango dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Hilaren 15ean hasiko dira, eraikinaren "balio arkitektoniko, historiko eta instituzionala" ezagutarazteko.

Jauregi Etxean bisita gidatuak berriz martxan jarri ditu aldundiak, herritarrek "eraikin enblematiko honen balio arkitektoniko, historiko eta instituzionala" ezagutzeko parada izan dezaten. Aldundiak ohar batean ezagutzera eman duenez, otsailaren 15etik aurrera egin ahalko dira bisitak. Adituek zuzendutako ibilbideak hilabete bakoitzeko larunbat batean egingo dira, bi txandatan, euskaraz eta gaztelaniaz. Parte hartzea doakoa da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik aldundiaren webgunean izena ematea.

Jauregi Etxea, Gasteizko Probintzia Plazan kokatua, Arabako eraikin adierazgarrienetako bat da. 1844an amaitu zen eraikuntza, eta Arabako erakundeen historian mugarri bihurtu zen, biztanleriaren kudeaketarako espazio propioa izanik. Higiezina erabaki politiko eta erreforma ugarien lekuko izan da ia bi mendetan zehar, foru gobernuaren gune nagusi gisa.

Ibilbide gidatuek ordubeteko iraupena izango dute, eta bertaratzen direnek eraikinaren gune esanguratsuenak ezagutzeko aukera izango dute, hala nola Batzar Nagusien Aretoa, diputatu nagusiaren bulegoa eta artelanekin apaindutako aretoak. Eraikinaren bilakaera arkitektonikoa ere azalduko diete bisitariei, diseinu neoklasikotik garai berrietara egokitu duten berrikuntzetaraino.

Ekimen honek aldundiak bere historia, kultura eta ondare instituzionala "herritarrei hurbiltzeko duen konpromisoa erakusten" du. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak adierazi duenez, "herritarrek eraikin enblematiko hau gertutik ezagutzea eta Arabako historian eta nortasunean izan duen garrantzia ulertzea nahi dugu".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago