Azken egunetan ohikoa den bezala, lanbro eta lainoarekin hasiko da eguna. Ondoren zerua hodei gutxirekin geratuko da, goi hodeiekin. Haize ahul eta aldakorra izango dugu, arratsaldean ipar osagaia hartuko duena. Izotzari adi egin beharko zaio: atzoko iragarpenean aurreratu bezala, gaur ere tenperatura baxuengatiko eta izotz arriskuagatiko abisu horia errepikatu dute, eta goizeko hamarrak arte indarrean egongo da: 0 eta 12 gradu arteko aldea espero da Gasteizen.
Biharko, aldaketa iragarri dute, Euskalmeten arabera zerua oso hodeitsu edo estalita egongo baita. AEMETek ere antzeko iragarpena egin du: goizetik aurrera erdi eta goi mailako hodeiak izango ditugu, eta, haiekin batera, prezipitazioa etorriko da. Elur kota 600 eta 900 metro artean egongo da. Hegoaldeko haize ahulak ipar osagaia hartuko du arratsaldean, eta orduan bolada gogorrak izango ditu. Seguruenera abisu horia errepikatuko dute, 0 eta 8 gradu arteko aldea baino ez baita espero.