Mauthausenen zigortu zituzten arabarrak omentzeko ekimena

Erredakzioa 2025eko otsailaren 6a

'Stolpersteine' harriekin nazien biktimak gogoratzen dituzte. Argazkia: GEOLINA 163

Udaberri honetan, Mauthausengo sarraski eremu naziaren askapenaren 80. urteurrena ospatzen da. Ekitaldi bat egitea proposatu du EH Bilduk, bertan izan ziren arabarrak omentzeko.

Naziek deportatu zituzten lehen euskaldunak Mauthausenera bidali zituzten, 1940ko abuztuan. Garai hartan, Mauthausen zen Hirugarren Reichak zuen atxilotze gunerik gogorrena, eta 1940 eta 1941 urteen artean deportatuak izan ziren euskaldunak esparru horretara eraman zituzten. Esparru horren ezaugarri nagusia zen atea gurutzatzen zuen preso oro hil egin behar zela. Ez zegoen patu horri ihes egiteko modurik. Itxaropenerako tarterik ez zegoen.

Udaberri honetan, maiatzean zehazki, Mauthausengo sarraski eremu naziaren askapenaren 80. urteurrena ospatzen da; eta horren bueltan ekitaldi bat egitea proposatu du EH Bilduko batzarkide taldeak, datorren maiatzaren 6aren inguruan. Eva Lopez de Arroiabe bozeramaileak azpimarratu duenez, "80 urte geroago uste dugu Arabak omenaldia egin behar diela altxamendu frankistaren eta ondorengo diktaduraren aurka borroka egin zuten, ihes egin zuten eta, muga zeharkatu ondoren, Hirugarren Reich-ak ezarritako terrorearen diktadurarekin topo egin zuten pertsona antifaxistei".

Gogora Institutuak 2020an egindako txosten baten arabera, Mauthausenen eta hiru kilometro eskasera zegoen Guseko kontzentrazio esparruan, hirurogeita sei euskaldun erail zituzten. Horien artean zortzi arabarren izenak aurkitu dituzte: Ramon Cosme Vaquero gasteiztarra, Atanasio Gutierrez Priego gasteiztarra, Jose Lopez Angulo alcedotarra; Segundo Viana Arroniz bujandatarra; Felix Villamor Ramirez bastidarra; Manuel Ruiz Amestoy guardiarra; eta Gorrebustoko Julian Pascual Guerra. Azken hau Schwetzingengo ospitalean sartu zuten 1944an, eta Frantziako Errepublikak "deportazioan hila" bezala identifikatu zuen.

Beste bost arabar, berriz, Buchenwaldeko konzentrazio esparruan sartu zituzten, 1944. urtean, eta bizirik ateratzea lortu zuten: Ambrosio San Vicente Arrieta, Felix Aretxabaleta, Felix Ponti Perez eta Antonio Retes de Llanteno Respaldiza gasteiztarrak eta Fausto Lacuesta Isasmendi bastidarra dira.

Arrastoa galdurik

EH Bilduk gogoratu duenez, txosten ofizialak ez daude guztiz osatuta eta oraindik ez dute informazio guztia eguneratuta. Gehiago dira, beraz, deportatu egin zituztenak, batzuk erail zituzten, beste batzuk gerraren amaieran askatu zituzten, eta beste batzuen arrastoa galdu zen. Ondorioz, artxiboak eguneratzea eta pertsona horien memoria ezagutarazteko material didaktikoa egitea proposatu du Lopez de Arroiabek.

Halaber, arabar horien udalerrietan Stolpersteine ekimenarekin bat egitea ere proposatu du EH Bilduk. Gunter Demnig artista alemanak egindako arte-proiektua da Stolpersteine, eta dagoeneko mundu osoko 20 herrialdetan zabaldu da. Eskuz idatzitako zementuzko bloke txiki batean nazismoak kontzentrazio esparruetan jazarri edo hildako biktimen izena eta bizitzaren datuak idazten dira, eta horiek jazarritakoen herrietan kokatzen dira, omenaldi gisa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago