Materia iluna ikertzeko misiorako hautatu dute AVS

Erredakzioa 2025ko ots. 4a, 09:47

Paraleloan joango diren bi garapenetako bat gidatuko du AVSk. Argazkia: AVS

ESAren Arrakihs misioan erabiliko den satelite baten garapena eskatu diote.

ESA Europako Espazio Agentziak AVS —Added Value Solutions— enpresa hautatu du materia iluna aztertuko duen Arrakihs misiorako satelite bat diseinatu eta garatzeko. 

Zehazki, enpresak misio horretako satelite plataforma egiteko paraleloan garatuko diren bi proiektuetako bat gidatuko du. 2026an horietako bat hautatuko dute. 

Satelitea garatzeko, iaz espazioratu zuten LUR-1 satelitean erabilitako arkitektura modularraz baliatuko dira. Misio astrofisikoetan erabili ohi den ohiko planteamendutik aldentzen da estrategia berri hau, normalean diseinuak modu pertsonalizatuan egiten baitira misio bakoitzeko. AVSren arabera, horrek moldaerraztasuna eskainiko dio misioari. 

Arrakihs misioak galaxietako inguruneak aztertuko ditu, bertan materia ilunak galaxien eraketan betetzen duen rola argitu nahian. 2030 urterako aurreikusita dago misioa espazioratzea.

Materia iluna unibertsoan dagoen materia mota ezezaguna da. Orain arte ezinezkoa izan da detektatzea, baina grabitazioan eta unibertsoaren zabalpenean duen eraginagatik hor existitzen dela dakite astrofisikariek. Kalkuluen arabera, unibertsoan dagoen materiaren %85 inguru iluna da. Energia ilunarekin batera, astrofisikaren misterio handienetakoa da. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago