Botika etxean eskura izeneko proiektua abian jarri dute Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, Arabako Foru Aldundiak eta Farmazialarien Elkargoak Arabako Mendialdean eta Añana kuadrilletan, farmazia arreta hobetzeko. Osasun sailburu Alberto Martinezek, ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek eta Arabako Farmazialarien Elkargoko presidente Milagros Lopez de Okarizek aurkeztu dute goizean programa berria Gesaltza Añanan.
Erakundeen ordezkariek azaldu dutenez, proiektuaren helburua da sendagaiak etxean entregatuko direla bermatzea, pazienteak agindutako sendagaiak bere medikuak ezarritako jarraibideen arabera jaso ditzan lagunduz. Gainera, medikazioaren erabilera aztertzea eta kontrolatzea aurreikusten du programak, sendagaien erabilerari lotutako kalteak prebenitzeko edo saihesteko arazoak identifikatuz.
Proiektu pilotua da; eta landa eremuan bizi diren pertsonen autonomia hobetzen laguntzeko asmoarekin martxan jarri dute," farmaziako profesionalak tratu hurbila eta pertsonalizatua emanez".
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren sailak finantzatzen dute proiektua, urtean 125.000 eurorekin; Eusko Jaurlaritzak 95.000 euroko ekarpena egiten du eta Arabako Foru Aldundiak 30.000 eurokoa.