Epaitegiek LAB sindikatuari jakinarazi diote SDA Factory enpresak eskatu duela langile guztiak kaleratzeko enplegu erregulazio espedientearen kontsulta-aldia abiatzeko. 55 langile ditu gaur egun enpresak, eta hartzekodunen borondatezko konkurtsoan sartua dago.
Sindikatutik adierazi dute enpresa oraindik bideragarria dela "esku egokietan izanez gero", eta enpresako langileen esperientziak "balio kalkulaezina" duela. Salatu dute azken urteetako desegite prozesuaren ondorio dela egungo egoera, "hiltzen utzi" dutela enpresa. 2019an 250 langile zituen, eta "Europa mailan erreferentea" zen, LABen esanetan.
2019an BSH multinazionala zen lantegiaren jabea, B&B Trends enpresari saldu zion eta han sortu zuten egun ezagutzen dugun SDA Factory. "Salerosketa iluna" izatearen zantzuak topatu ditu sindikatuak. Izan ere, BSHk euro baten truke saldu zizkion lantegia, ekoizpen unitatea eta lursailak. Egun berean, gainera, 300.000€tik gora eman zizkion erosleari, "lan-kostuen" kontzeptuarekin. Guztira ia bost milioi ordaindu dizkio BSHk SDAri. Beste erraztasun batzuk ere eman zizkion erosleari, konpromisoa eta inbertsioa bermatuz.
LABek nabarmendu du enpresa saltzaileak 20 milioi euro ordaindu dizkiola, eta ondorio gisa plazaratu dute BSHk bere irudia babesteko neurria izan zela salmenta hura. "Lasai-lasai alde egiteko asmoa zuen, eta horretarako enpresa beste talde bati saldu zion, berau desegiteko". "Eskandalua" dela salatu dute.
"Iruzur hirukoitza"
LABek salatu du lantokiaren egoeraren erantzule bakarrak SDA eta B&B Trends direla, "lan zamarekin etengabe jolasean aritu direlako, Gasteizen aldeko apustua inoiz egin gabe". Enpresa husteko denbora besterik ez zuten bilatzen, sindikatuaren esanetan.
Bidegabekeria leporatu diete, eta iruzur hirukoitza izan dela adierazi. Batetik, plantillaren etorkizunarekin jolastu izanagatik, salerosketa operazio irregularrarekin. Bestalde, aberasteko funts publikoak erabili dituztela, Next Generation funtsetako diruak erabili zituztelako talde bereko enpresa bat kontratatzeko, "berriz ere beren buruari ordaintzen, oraingoan diru laguntza publikoen kontura". Eta azkenik, enpresari leporatu diote plantillaren langabezia prestazioarekin finantzatu izana, ehunka mila euro publiko "aurreztu" dituztelako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteen bidez, enpresa husten ari ziren bitartean.