EDA Drinks & Wine Campusek unibertsitate gradu bat, sei master —bi unibertsitate master barne— eta hainbat espezializazio ikastaro eskainiko ditu, Jaurlaritzak asteon iragarri duenez.
Ardoari eta edariei buruzko graduari dagokionez, sektorearen "ikuspegi holistikoa" emango duela iragarri dute. Gradu hau "bikaintasunean" eta Basque Culinary Centerren "metodologia kontrastatuan" oinarritzen da, eta 2027-28 ikasturtean hasiko dela aurreratu dute. Master eskaintzak, berriz, edarien sektoreko hainbat arlotan espezializatutako sei programa bilduko ditu. Besteak beste, Edarien Berrikuntza, Mahastizaintza eta Enologia, Garagardoaren Berrikuntza eta Teknologia, Destilatuak, Sommelieriaren Berrikuntza eta Ardoa Merkaturatzea, eta Negozioen Garapena. Espezializazio ikastaroek, berriz, honako hauek aintzat hartuko dituzte: sagardoak, kafea eta NOLO unibertsoa —alkoholik gabeko edo alkohol gutxiko edariak— bai eta zaleentzako prestakuntza saioak ere. Etorkizunean proposamen akademiko berriak sartzea ere aurreikusita dagoela iragarri dute.
Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitate sailburuak eta Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak nabarmendu dute proiektuaren helburua dela "ezagutza sektoreari transferitzea", bai eta "talentua erakartzea" eta sektorearen "lehiakortasuna indartzea" ere. Azpimarratu dute proiektuak "berrikuntza eta ardoaren ekoizpena" uztartzen dituela, eta EAEk gastronomiaren eta berrikuntzaren arloan duen "izen ona" ekimen honen berme bat dela.