Babestutako edukia

Abian da Elkarren 17. ilustrazio eta ipuin lehiaketa

Erredakzioa 2025ko urt. 31a, 08:00

Argazkia: Elkar

Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketak aurrera jarraitzen du hamazazpi urteren muga gaindituta. Aurten 17. aldiz jarriko da martxan Elkar Fundazioak haur eta gazteengan irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzea helburu duen lehiaketa hau.

Urtero, batez beste, Euskal Herriko txoko ugaritako 10.000 haur eta gaztek hartzen dute parte, ilustrazioak, ipuinak eta komikiak bidaliz.

Edizio honetan, Alaine Agirrek idatzitako Zer jango du oiloak ipuina izango dute haurrek irakurgai eta irudikagai. Aldi berean, Belatz ilustratzailearen lana izango dute oinarri, haien istorio propioak sortzeko. Gazteentzat, berriz, bi erronka aurkezten dira komiki atalaren barruan: Belatzek hasitako komikiari jarraipena ematea edo berak proposatutako gaiari (botilan bidalitako mezu bat) hasiera berria ematea.

Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango ditugu aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak beraien aldizkariko harpidetzarekin eta opari sorpresa batekin sarituko du parte-hartzea.

Lan guztiak aurkezteko azken eguna martxoaren 21a izango da.

Bidaltzen dizuegun kartela zuen zentroan ikusgai jartzea eskertuko genizueke. Horrela, haur eta gazteei parte hartzeko aukera zabaltzen zaie, eta irakurketarekin eta sormenarekin harremanetan jar daitezke.

Informazio gehiago jasotzeko, bisitatu elkar.eus webgunea, idatzi lehiaketa@elkar.eus helbidera edo deitu 943 310 301 telefono zenbakira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago