Azken egunen bidetik, zerua oso hodeitsu mantenduko da gaur, eta zaparradak izango ditugu. Gehienetan iparretik edo ipar-mendebaldetik joko duen haize ahul-bizia izango dugu, baina batez ere norabide aldaketak egiten dituenean oso bolada gogorrak izango ditu. Euskal kostalderako abisu horia emana dute —eta alerta laranja dago itsas nabigaziorako—, baina, Arabaren kasuan, momentuz haizeagatiko abisu horia baino ez dago: haizeguneetan haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, eta 70-80 km/h ingurukoak izango bide dira haizegune ez direnetan. Tenperaturak 3 eta 8 gradu artean egongo dira.
Bihar antzeko giro nahasia mantenduko da: zerua oso hodeitsu egongo da, eta euri txikia egingo du. Eolo ipar osagaian mantenduko da, ahul-bizi. Momentuz ez dute abisu meteorologikorik iragarri. Tenperaturetan ere ez da aldaketa larregirik egongo, minimoak zertxobait gehiago jaitsiko direlarik: 1 eta 9 gradu arteko aldea izango dute hiriburuan.