Bide historikoei lotutako gunea sortuko dute Gebaratarren jauregian

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 29a

Dorre jauregiaren birgaitzea datorren urteko lehen seihilekoan egitea espero dute. Argazkia: PHOT.OK

Aldundiak erakina birgaitu eta irisgarritasuna bermatuko duela iragarri du. Espainiako Gobernuak emandako 1,1 milioi euroko laguntzaz baliatuko dira horretarako.

Gebaratarren dorre-jauregia (Barrundia) baliabide turistiko eta kultural bihurtzeko birgaitze lanak abiatuko dituela iragarri du aldundiak. Foru erakundeak iragarritakoaren arabera, bertan bide historikoei lotutako "interpretazio didaktikorako" gunea sortuko dute. Zehazki, Donejakue Bideari eta Inaziotar Bideari lotutako informazioa paratuko dute dorrean. Horrez gain, barruan zein kanpoan kultura jarduerak egingo dituztela iragarri dute. 

Proiektua aurrera eramateko, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan jasotako 1,1 milioi euroko zuzeneko diru laguntza gauzatzeko kreditu gaitze bat onetsi dute atzoko gobernu kontseiluan. Espainiako Industria eta Turismo Ministerioak eman du laguntza, Done Jakue Bidearen Turismo Plan Nazionalaren barruan, eta Eusko Jaurlaritzaren bidez kudeatu dute.

Gebaratarren dorre-jauregia: Araba bidegurutzea izeneko proiektua 2026ko lehen seihilekoan egiteko asmoa duela aurreratu du aldundiak. Lanez baliatuko dira ere eraikin historikoan irisgarritasun unibertsala bermatzeko.

Proiektuaren bidez, "espazioak birgaituko dira, teknologia adimendunekin aprobetxatzeko, irisgarritasun unibertsala izateko, karbono aztarna murrizteko eta konpentsatzeko, eta klima aldaketara egokitzeko eta moldatzeko", adierazi du foru erakundeak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago