Etxebizitza erosteko etorkizuneko hobariak kentzeko eskatu du Podemosek

Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 09:43

EAEko hiru lurraldeetako ordezkariek batera aurkeztu dituzte proposamenak. Argazkia: PODEMOS

"Euskal fiskalitate justu eta progresiboa" lortzeko proposamenak direla dio alderdiak. BGAE bidezko aurrezkiei ere zerga hobariak kendu nahi dizkiete.

Etxebizitza erosteko etorkizuneko hobari guztiak kentzea eta BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen bidez egindako aurrezkiei ere onura fiskal guztiak kentzea proposatuko du Elkarrekin Podemosek Batzar Nagusietan.

EAEko hiru batzar nagusiei begira egindako proposamen bateratu batean, alderdiko ordezkariek "euskal fiskalitate justu eta progresiboa lortzeko proposamenak" aurkeztu dituzte. Agerraldi batean, fiskalitatearen alorrean Batzar Nagusietan EAJren eta PSEren foru gobernuari aurkeztuko dizkioten proposamenen berri eman dute.

Alderdiaren irudikoz, gobernuan diren alderdiek "zerga berrikuspen ahula" egin dute, eta karga fiskal handiena "langile klasearen" eta "errenta baxuenen bizkar" egongo da, PFEZ edo BEZ zergen bidez. Alabaina, "errenta txikienek ez dute inolako laguntzarik jasoko".

Diotenez, bi neurri horiek hartuta —etxebizitza erosteagatik eta BGAE bidez aurrezteagatik herritarrek dituzten hobari fiskalak kentzea—, diputazioek "1.100 milioi baino gehiago" bilduko lituzkete "zerbitzu publikoetarako".

Neurri horiez gain, beste hainbat proposamen ezagutarazi dituzte. Tartean, etxebizitza turistikoen erabilera fiskalki zigortzea, alokairu erregimeneko etxebizitza ohikoarentzako kenkariak eta energia eraginkortasuna hobetzeko etxebizitzen birgaitze kenkariak mantentzea proposatzen dute.

Aberastasunaren banaketari dagokionez, aurrezkiaren eta lanaren oinarri ezargarrien bateratzea proposatu dute, eta errenta altuenek gehiago ordaindu behar dutela defendatu dute. Bide beretik, enpresa handien irabazien gaineko sozietate zerga handitzea eta "fiskalitate berdea" sustatzea ere proposatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago