⛅ EGURALDIA

Eolo indartsu mantenduko da

Erredakzioa 2025eko urtarrilaren 28a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Zeru hodeitsuak eta noizean behineko euri txikiak iragarri dituzte. Haizeagatiko abisu horia dago, gaur zein biharko.

Zerua tarteka hodeitsu mantenduko da gaur, eta, batez ere arratsaldean, euria egin ahalko du. Beste behin, arazo gehien ekarri ditzakeena haizea izango da, eta abisu horia ezarrita dago berriz. Gainerako lurraldeetan arratsalderaino luzatu badute ere, informazio hau lantzerakoan gurean eguerdira arte egongo da indarrean: hego-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete, batez ere mendi inguruetan. Hotza nabarituko da: Gasteizen 3 eta 12 gradu arteko aldea espero da, baina sentsazio termikoa 0 graduan egon daiteke unerik hotzenetan.

Biharko, antzeko agertokia marraztu dute meteorologoek: zerua hodeitsu edo oso hodeitsu agertuko da, eta noizean behin ura bota dezake. Hego haizea izango dugu, eta gogor ibiliko da: arratsaldeko hirurak arte luzatu dute abisu horia, haizeteek 100 km/h-ko abiadura gainditu dezaketelakoan. Hotza bere horretan mantenduko da, 3 eta 10 gradu arteko aldeekin.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago