Irureta eta Gabarain izango dira 'Gaua' filmeko protagonistak

Erredakzioa 2025ko urt. 27a, 17:16

'Gaua' pelikulako lau protagonistak, Urkijorekin. Argazkia: David Herranz

Iñake Irastorza eta Yune Nogueiras ere izango dira Paul Urkijoren hirugarren film luzean.

Joan den astean hasi zen Paul Urkijo zuzendari gasteiztarra Gaua pelikularen filmazioarekin, eta gutxinaka-gutxinaka ezagurazten ari da pelikulari buruzkoak. Aste honetan aurkeztu du aktore taldea: Elena Irureta, Iñake Irastorza eta Ane Gabarain ezagunak, eta Yune Nogueiras aktore gaztea izango dira protagonistak. Horiekin batera, gainera, Xabi Jabato, Erika Olaizola, Manex Fuchs eta Elena Uriz aktoreek ere parte hartuko dute.

Hirugarren pelikula honetan euskal mitologia du oinarri Urkijok, eta "fantasiaren eta errealitate historikoaren" artekoa izango da. XVII. mendeko Euskal Herrian girotu du istorioa, eta euskaraz ari dira filmatzen. 

Aurreratu dutenez, sorgin ehiza betean sartuko da pelikula. "Kattalin, senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Baso beltzean galduko da eta bere atzetik segika duen presentzia bat sentituko du. Ihesean dabilela hiru emakume maitagarrirekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko esamesak partekatzen dituzte. Kattalinen harridurarako, bera izango da istorio horien protagonista".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!